Ziztada gune irekia da, denon artean egin beharrekoa, edozer hemen agertzea nahi baduzu, ez izan dudarik eta guri helarazi, bai testuak, marrazkiak, agendan agertzeko ekitaldiak, bideo proposamenak..... gure helbidea ziztada@gmail.com da

2010/05/26

Itzubaltzetako bertso afaria

Joan den ostiralean, maiatzak 21, jokatu zen Uribe Kostako bertsolari txapelketako bigarren kanporaketa, Itzubaltzeta gaztetxean.

Afal ostean egindako saioan. Ipar Uribeko azken txapeldun Arrate Illaro nagusitu zitzaien Josu Landeta eta Gabi Basañez Algortako Bertsolari Eskolako (ALBE) historikoei zein Oier Iturralde "Atano" eta Pello Ruiz de Agirre Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideei. Peio Arondo gaztea ez zuten puntuatu, adinez txikia delako. Irabazi arren, ez dauka finalerako txartelik oraindik eskuan Illarok. Lehenengo kanporaketan garaipena eskuratutako Itxaso Payak ere ez du lortu. Biak ala biak ostiral honetan (hilak 28) Getxoko Txorimalo gaztetxean izango den hirugarren eta azken kanporaketara itxaron beharko dute, finalerako sailkatuta dauden jakiteko. Hala ere, puntuak puntu, Itxasoren aurretik doa Arrate. Sopelako Ander Deuna ikastolan jokatutako saioan, antolatzaileei ematea ahaztu eta Itzubaltzetan jaso zuen oroigarria payatarren artean gazteenak.

Gaztetxeen zurrunbiloan sartu zen ostiralean Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa, emaitza paregabearekin gainera. Itzubaltzeta / Romoko zentro sozialean 84 lagunek egin zuten afari legea. Ondoren gerturatutakoak batuta, 110 pertsona inguruk gozatu zuten bertso saioaz. Hasi bezain laster, esku hutsik joateko asmorik ez zuela iragarri zuen. Arrate Illaro Ipar Uribeko azken txapeldunak. Esan eta egin. 249,5 puntu eskuratuta Uribe Kostako txapela janzteko hautagaitza aurkeztu zuen saioko neska bakarrak. Arratek atzean utzi zituen ALBEko bi beterako: kantatzen ari zen bakoitzean, bere ahots indartsuarekin gaztetxea dardarka uzten zuen Josu Landeta (217,5 puntu) eta Gabi Basañez (192,5 puntu). Bitartean, etxean aritu ziren Oier Iturralde "Atano" (185 puntu) eta Pello Ruiz de Agirre (184,5 puntu) Itzubaltzetako Bertso Eskolako kideek txalo zaparrada jaso zuten. Hala ere, txapelketetan "txalometroa" ez da nahikoa bertsolariak sailkapenean aupatzeko. Epaileek laugarren eta bosgarren postuetan kokatu zituzten, hurrenez hurren. Azkenik, sparring lanetan ibili zen Peio Arondo gaztea, baita "kolpe ederrak jaso eta eman" ere, Josu Landetarekin batera egindako zortziko txikiko ariketan.

Gaztetxe batetik irten eta beste batera egingo du salto ostiral honetan, maiatzak 28, Uribe Kostako bertsolari txapelketak. Getxoko Txorimalo gaztetxean jokatuko dute hirugarren eta azken kanporaketa.

Info: http://www.ukberri.net/

No hay comentarios:

Publicar un comentario