Ziztada gune irekia da, denon artean egin beharrekoa, edozer hemen agertzea nahi baduzu, ez izan dudarik eta guri helarazi, bai testuak, marrazkiak, agendan agertzeko ekitaldiak, bideo proposamenak..... gure helbidea ziztada@gmail.com da

2010/03/04

Ongi etorri Ziztadara!!

Gerra, miseria, desjabetzeak, dirua, bortxaketak, zapalketak, eskubide urraketak edota boterea bezalako hitzak eguneroko ogi bihurtzen ari diren bitartean, elkartasuna, justizia, ongizatea, borroka, talde lana, partaidetza, askatasuna bezalakoak arrotz bihurrarazi eta kriminalizatuz joan dira azken urteotan.

Mugimendu soziala oro har, eta gazte mugimendua zehazki, ez dago garairik onenean. Aurreko urteetako loraldiaren ondoren, sistema kapitalistak edozein mugimendu disidente eta kritikoren aurka burututako errepresioak eta apurkako alienazioak sistemaren aurkako aldarrikapenak deskafeinatu, zokoratu eta gutxi batzuren burutazio fanatiko gisa irudikatu ditu.

Egoera, hala ere, ez da guztiz okerra. Kaleko edota eguneroko jardunean gazte mugimenduak beherakada sufritu badu ere, sistema kapitalistaren baloreei uko egin eta bestelako gizarte eredu baten alde lerrokatzen den gazteria anitz eta zabala dagoela badakigu. Etengabe jasaten ditugu gure ikastetxe edo unibertsitateko zuzendari eta irakasle autoritario-faxistak; gure laneko nagusiaren jokabide esplotatzailea; politikari diruzaleen hipokrisia; gure gaztetxeen desalojoak; AHT edota LZP bezalako proiektuak noren interesekoak diren badakigu... egunero egiten dugu talka kapitalismoak ezartzen dituen oinarrien aurka, askotan kontzienteki konturatu gabe ere.

Itzubaltzeta / Romo txikia da Euskal Herrian eta zer esanik ez mundu mailan. Baina gure txikitasunetik gauza handiak lortzeko ilusioz beterik gaude bertako gazte batzuk, mundu basati honi alfonbra gorria jartzeari uko egin eta ametsak esna bizitzeko asmoa daukagulako.

Hamaika arlo ditugu lan egiteko, hamaika arrazoi bat egiteko. Ziur gaude herriko gazte askok gure irakurketarekin bat egiten duela, ez dugu zalantzarik. Sistemaren atzaparretatik ihes egin eta disidentziaren hegaletan libre murgiltzeak merezi du. Bakoitzak bere ekarpena egingo dio lanari, bere neurrian, bere mailan, baina betiere kapitalismoari kritika eginez eta ekinez, hori baita beregandik askatuko gaituen modu bakarra.

Hortaz, martxoaren 5ean, 21:00etan, Itzubaltzeta gaztetxean Ziztada Romoko gazteon bilgunea-ren aurkezpen ekitaldira gonbidatu nahi dugu Itzubaltzeta / Romoko gazteria. Bertan, musika, antzerkia, bideo proiekzioa, sagardoa eta txistorra, eszenatoki irekia... egongo da.

Ez genuke nahi gurea izatea kapitalismoaren aurrean belaunikatuko den eta borrokaren tradizioa etengo duen belaunaldia. Denok dugu zer esan, denok dugu zer egin. Etor zaitez, merezi du eta!

No hay comentarios:

Publicar un comentario