Ziztada gune irekia da, denon artean egin beharrekoa, edozer hemen agertzea nahi baduzu, ez izan dudarik eta guri helarazi, bai testuak, marrazkiak, agendan agertzeko ekitaldiak, bideo proposamenak..... gure helbidea ziztada@gmail.com da

2010/06/30

Mikel Zalakain euskal iheslari politikoa Korsikan hil da



Mikel Zalakainen errautsak datorren astean iritsiko dira

Maiatzean minbizia diagnostikatu zioten eta bart gauean eman ditu azken arnasak. Lau urte preso eman zituen aurrez frantziar espetxeetan.

Mikel Zalakain euskal iheslari politikoa hil da:

Mikel Zalakain Villabonan jaio zen 1961. urteko ekainaren 19an eta bart gauean hil da, goizeko 16:00etan Korsikan.
1986. urtean, 25 urte zituela ihes egin zuen Villabonatik arrazoi politikoak zirela medio, eta geroztik ez da bere sorterrira itzuli.
1988. urtean Mikel Zalakain eta bere emaztea den Mila Otegi ipar Euskal Herrian atxilotu zituen frantziar poliziak eta lau urtez preso egon ondoren Frantziako Gobernuak Parisen konfinatu zuen. Mila Otegik 9 hilabete egin zituen espetxean.
2000. urtean konfinamendua hautsi zuen eta ihes egin zuen Parisetik, azken urteotan Korsikan bizi izan delarik.

Espetxean egindako borrokaldi eta gose greba luzeen ondorioz ultzera kronikoa izan du. Auto istripua ere izan zuen, ondorioz besoan bizitza osorako zauriak gelditu zitzaizkiolarik.
2010. urteko maiatzean minbizia diagnostikatu zioten.
Azken urteotan Korsikan bizi izan bere emaztearekin eta bien 12 urteko semearekin.
1986. urteko apirilaren 25ean ia familia osoa atxilotu zuten, Mikel Zalakain aita, Pili Esain ama eta Juan Antonio eta Iñaki Zalakain anaiak. Mikel ihes eginda zegoen ordurako.

Mikel Zalakainen aita, hau ere Mikel Zalakain, Martuteneko espetxean hil zen bihotzekoak jota 1990. urteko azaroaren 30ean. 58 urte zituen eta hilabete gutxi batzuk falta zitzaizkion libre ateratzeko. Artatu zuten medikuak akusatuen aulkian eseri ziren beraien aurka jarritako salaketaren ondorioz, baina absolbituak izan ziren.

Mikelen bizitzak eta heriotzak Euskal Herriak bizi duen errepresio politikoaren neurria ezin hobeto marrazten dute. Gazterik espetxeari eta torturari ihes egin beharrean aurkitu zen, eta ihes egite horretan ezagutu behar izan ditu atxiloketa, espetxea, konfinamendua eta erbestea. Ihesean bizi izan da Mikel, eta ihesean hartu ditu azken arnasak ere. Antzeko egoera ezagutu dute milaka euskal herritarrek azken urteotan.

Aita preso zela hil zion espetxe politikak, eta bera ihesean zela hil du minbiziak. Argi dago urte hauetan guztietan bizitako presioak eta poliziaren
jazarpenak eragin zuzena izan dutela Mikelen osasunean. Euskal iheslari politikoen aurkako ehiza nazioartera zabaldu da azken urteotan, honek aurrez zaila zen iheslarien bizitza oraindik gehiago zaildu duelarik.
Une honetan munduan dauden ehunaka iheslari politikoak gogora ekarri nahi ditugu, eta euskal iheslari politikoak babesten dituzten herritar eta erakundeak eskertu nahi genituzke. Zentzu honetan, Mikel eri egon den aste hauetan guztietan Korsikan jasotako babesa eta elkartasuna zinez azpimarratzekoak direla aipatu nahi dugu.
Euskal iheslari politikoak Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren mezu emaileak dira mundu zabalean. Euskal iheslari politikoak Euskal Herriko disidentzia politikoaren aurpegiak dira han eta hemen.

Euskal iheslari politikoek Euskal Herrian libreki bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu une honetan, errepresioaren mehatxurik gabe, beraien herri eta auzoetan bizi eta lan egiteko duten eskubidea aldarrikatzen dugu.

Berria Askatu.org:www.askatu.org/berria.php?id_edukia=4667&lang=eu

www.askatu.org/

No hay comentarios:

Publicar un comentario